gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2024ko abenduak 22, igandea
Georges Simenon
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > GEORGES SIMENON
GEORGES SIMENONEN BIOGRAFIA - 1952ko BIDAIA


Georges Simenon, Bernard Alavoinek idatzia

1952. urtean, Georges Simenonek erabaki zuen Europara bidaiatzea. Parisera iritsi zenean, harrera arranditsua egin zioten leku guztietan, eta bereziki Polizia Judizialaren egoitzan, Quai des Orfèvres kaleko 36. zenbakian. Pierre Assoulinek bisitaldia deskribatzen du Georges Simenonen biografian:

Apirilaren 18a. Ongi etorri ofiziala, Quai des Orfèvres kaleko 36. zenbakian, Polizia Judizialaren egoitzan, eta ondoren, bazkari handi bat. Idazleari ongi etorri egin zioten prefetak, komisarioek eta inspektoreek, etxekoa balitz bezala. Egoitzaren bisita. Usainak, koloreak, giroa. Haren nobelen barruan zegoela irudi zezakeen, Maigreten “eredu” guztiak erretiraturik zeudela kontuan hartzen ez bazen; eta berogailuari zegokionez, Simenonen heroiari bertako sua kitzikatzea hainbeste gustatzen baitzitzaion, haren ordez berokuntza zentrala zegoen. Joateko orduan, Maigret izena zuen 0000 zenbakiko komisario plaka bat eman zioten handikiro. Simenonek giltzatako bat egin zuen, eta behin jendarmeek gehiegizko abiaduraz gidatzeagatik harrapatu zutenean, erakutsi egin zien plaka, jendarmeez libratu ahal izateko…

(Pierre ASSOULINE, Simenon, biographie, Julliard, 1992, 437. or.).


1952ko maiatzean, Georges Simenon haren jaioterrira, Liejara, itzuli zen. Egun bat lehenago iritsi nahi izan zuen, haren ama beste inor gabe bisitatzeko. Hurrengo egunean, idazleak Outremeuse auzoa zeharkatu zuen kazetari andana batek inguratuta; gero, haren zuzendaria izandakoak ongi etorri egin zion Gazette de Liégen, eta, azkenik, gauean, udal agintarien txanda izan zen. Georges Simenon heroi gisa hartu zuten haren hirian, baina, koadroan ilungune batzuk zeuden. Lehenik eta behin, Pedigree nobela argitaratu zenean justiziarekin sortu ziren gorabehera batzuk gertatu ziren; izan ere, 1948an autobiografiatik asko zeukan “nobela” hura plazaratu zenean, Simenonen erkide batzuek haren aurkako epaiketa egin zedin saiatu ziren, liburuan deskribaturik zeudelakoan. Auzi jartzaileei, eta, era orokorragoan, dirua nolabait modu errazean lortu nahi zuten guztiei, aurre egin behar izate hark Liejako egonaldia ez luzatzera behartu zuen.

1952ko bidaiaren hirugarren etapa garrantzitsua Brusela zen. Bertan, izan ere, Belgikako Frantses Hizkuntza eta Literaturaren Errege Akademiako kide izatea eskaini zioten. Simenonek aulkia onartu zuen, eta hitzaldi bat egin zuen Akademiako kide belgikarren eta gonbidatu frantses ugariren aurrean –Marcel Pagnol, Pierre Benoit, Georges Duhamel, e. a.–. Horren ondoren, idazlea berriro itzuli zen Parisera, eta bertan aspaldiko lagunekin elkartu zen, haiekin gusturago sentitzen baitzen. Bruselan eskainitako ohoreak harro sentiarazi zuen, baina, bera ez zen inoiz oso eroso sentitu giro literarioetan.

Itzuli

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net