Gure eskerrak Centre d´études Georges Simenon-eko arduradunei irakur gida honetarako biografia eta kronologia erabiltzeko baimenarengatik.
Georges Simenon (1903-1989)
Orain ehun urte jaio zen Liègen (Belgika) bizitzari zinez etekin handia atera zion Georges Simenon. 200 eleberri baino gehiago idatzi zituen. Eta berak bere Quand j´étais vieux (1971) autobiografian esaten digunez, 10.000 emakume baino gehiagorekin izan zituen sexu-harremanak. Munduko lau hegaletan batetik bestera ibili zen, sekula idazteari utzi gabe.
Euskaraz oso zabaldua dagoen esaera zaharra: "Ondo eta azkar, usoa hegetan". Hots, oso zail da, gauzak azkar eta ongi egitea. Horra hor salbuespen bat: Georges Simenon. Horrenbeste eleberri idatzi arren, bere lanak goimailakoak direla esan behar.
Estatu Batuetako William DeAndrea zuzen zebilen esatean: "Simenonen lanek garbi erakusten digute, asko idaztea eta gaizki idaztea ez direla nahitaez elkarri lotuak".
Horixe da oraingo literatura kritikarien ustea eta horrela aitortzen zuten André Gidek, Ford Madox Fordek, Mauriac-ek eta beste idazle askok.
Simenonek bere aurreneko eleberria hamazazpi urterekin idatzi zuen (Au pont des arches) eta 1989n hil zenean, bazituen 220 argitaratuak.
Simenon batez ere Parisko Maigret inspektoreagatik da ezagun. 84 eleberri idatzi zituen Maigret pertsonaia nagusia delarik. Aurrena 1930ean, Pietr-Le-Letton.
Filmei esker, are entzutetsuago egin da Maigret. Jean Renoir-ek ere zuzendu zuen Maigreten film bat: La nuit du carrefour. Batzuetan Jean Gabin-ek egin zuen Maigreten lana filmetan.
Hiru ezaugarri dira nagusi Simenonen lanetan: Pertsonaien egiaztasuna, beren jokabidean sakontzeko dohaina, eta gizarteko giroaren indarra.
Polizia eleberrietan ohituak gaude detektibea gizaki harrigarria dela ikusten. Batez ere buruargitasun miresgarriz jantzita agertzen zaizkigu. Supermanak dira. Bizitzan inortxok edo bakan egiten dituzten gauzak burutzen dituzte.
Simenonen pertsonaiak, bai Maigret bera eta bai bere inguruan azaltzen direnak, eguneroko pertsonaiak dira. Hain zuzen ere Maigret horretaz axolatuko da: "Zerk bultzatu du horrelako pertsonaia arrunta, hilketa hau egitera?". Gertakarien hermeneutika egiten du. Askotan huskeriak direla ohartuko da.
"Asko ikusia, asko ikasia" esan ohi da, arrazoiez. Simenon mundu zabalean barna ibilia zen, nazio askotan bizi izana (USAn ere urte mordoxka), hiru ezkontzaren gozamena eta nekeak ezagutua. Maite-maite zuen alabak bere buruaz beste egin zuen. Betiko zauria utzi zion bihotz-zolan. Nahigabea uste ez den tokitik etor daitekeela ikusi zuen.
Simenon pertsonaien baitan sartzen da. Batek baino gehiagok esan du, baduela Dostoievskiren barnebegi zorrotza, pertsonaiek buru-muinetan darabiltzaten gogoetak zulatzeko.
Horrela agertzen zaigu L´homme qui regardait passer les trains (1938) eleberrian, adibidez.
Beraren idaztankerak berriz, Hemingwayrena oroitarazten digu: objetiboa, zuzena, apaingarririk gabekoa, indartsua.
Kontinente guztietan da ezagutua eta ohoretua Georges Simenon. Berak idatzitako 500 milioi eleberri salduak izan dira eta 50 hizkuntzez irakur litezke hark utzi zizkigun literatura lanak.
Gotzon Garate