Georges Simenon, Bernard Alavoinek idatzia
Okupazio garaiak ez zuen ekarri idazlearen eta haren editorearen arteko harremanak hobetzea. Izan ere, Gaston Gallimardek urte ilun haietan Simenonen nobelak argitaratzea lortu bazuen ere, salmentak ez ziren bi gizonek espero bezain onak izan: haien harremanak txartu egin ziren, eta elkarri egozten zioten horren errua. Frantzia utzi baino lehen, argitalpen arazo hura konpondu behar zen, beraz. Simenonek, orduan, hasiberri bat aukeratu zuen, jatorri daniarreko gizon bat, liburu saltzaileen semea eta biloba. Sven Nielsen zen, nobelagilea baino zertxobait zaharragoa. Berehala ulertu zuten elkar bi gizonek. Lehenengo kontratua 1945eko uztailean sinatu zuten, sortu berriak ziren Presses de la Cité izenekoekin, eta Gallimard argitaletxea bazterturik geratu zen. Behin hori eginda zegoela, bazeukan joatea.
Simenon Amerikara begira zegoen. 1945eko urriaren 5ean, aste batzuk lehenago Londresen itxaroten egon ondoren, New Yorkeko portuan lehorreratu ziren Simenon, Tigy eta Marc. Bizimodu berriari helduko zion 42 urte zituenean. Azken urteak ahaztu eta berriro hutsetik hasi nahi zuen; baina, artean ez zekien topaketa batek haren bizitza guztiz aldatu behar zuela. Amerikara iritsi eta hilabete eskas bat geroago, familiarentzat Québec-eko herri batean bizilekua aurkitu ondoren, idazkari elebidun bat bilatzen hasi zen, guztiz beharrezkoa iruditzen baitzitzaion herri hartan. New Yorken ezagutu zuen Denyse Ouimet haren lagun batek gomendatutako idazkari gaztea. Ezagutza hura erabakigarria izan zen Simenonen bizitzan. Frantses jatorriko eta 25 urteko gazte kanadar hura haren maitale bihurtu zen elkar ezagutu zuten egunetik, eta horri buruzko gorabeherak Trois Chambres à Manhattan (Hiru gela Manhattanen) nobelan kontatu zituen.
"Hurrengo egunean ez ziren bakarrik egongo, ez ziren sekula bakarrik egongo, eta emakumeak, bat-batean, hotzikara izan zuenean, eta gizonak, ia aldi berean, eztarriaren hondoan ahaztutako angustia zaharraren antzekoa sentitu zuenean, biek ulertu zuten, une hartan bertan eta nahi gabe bakardade zaharrari azken begirada bota berri ziotela. Eta biek galdetu zioten beren buruari nola jasan ahal izan zuten bakardadea. Ez zen gela gehiagorik egongo Manhattanen. Ez zeukaten horren beharrik. Handik aurrera, nahi zuten lekura joan zitezkeen, eta ez zuten, ezta ere, taberna txiki bateko diskoaren beharrik izango…”
Georges Simenon.