gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2024ko abenduak 22, igandea
Georges Simenon
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > GEORGES SIMENON
GEORGES SIMENONEN BIOGRAFIA - "ERRETIROA"


Georges Simenon, Bernard Alavoinek idatzia

Itzuli

Teresa, nolabait ere, halabeharrez sartu zen Simenonen bizitzan, zaintzaile arduratsua izan ondoren (Simenoni zazpi saihets hautsi zitzaizkion, bainugelan erori zen batean); idazleari, bestalde, gero eta nekezago egiten zitzaion idaztea. 1972ko otsailaren hasieran Maigret et Monsieur Charles idatzi ondoren erabaki bat hartu zuen: bere azken nobela izango zen. Hala eta guztiz ere, Simenonek ez zion uko egin idazteari, beste modu batez idatzi nahi zuen, besterik ez, nobela batean baino era arinagoan. Gaurkotasunak eta haren oroitzapenak eman zioten gaia, inongo zorroztasuna eduki gabe: haren “pentsamenduak” magnetofono batean grabatzen zituen, ez nekatzeko... Les Dictées izenburuko hogei liburu argitaratu zituen 1975etik 1981era bitartean, batez beste hiru liburu urteko. Obraren iruzkingile gehienak bat datoz adieraztean ordenarik gabeko berriketa horrek ez duela ekarpen handirik, ez arlo literarioan, ezta autobiografiaren ikuspegitik ere. Garai hartakoa da, hala ere, jadanik aipatutako Lettre à ma mère (1974) lana, azpimarragarria Simenonek zintzotasun handiz idatzi baitzuen; liburuaren forma, era berean, interesgarria da, nolabaiteko batasuna, behintzat, badauka eta.

1972an, idaztea baztertzearekin batera, Simenonek erabaki zuen, baita ere, eten hori Epalingesko etxea utzita markatzea. Ohituta gaude dagoeneko jokaera horretara, baina, aldi hartan aldea handiagoa izan zen. Idatzi zuenean egoitza izan zituen lekuak abandonatu zituen, eta lehendabizi Lausaneko Cour etorbideko etxebizitza batera joan, eta, ondoren, hiri horretan bertan, Figuiers etorbideko “etxetxo arrosara” aldatu zen. Léman lakuko erretiratuak eguneroko paseoa egiten zuen Teresari besotik helduta. Jende guztiaren aurrean, eta haren hitzetan, Teresa bere ametsetako emakumea zen. Osasun gaitzak gorabehera, Simenonek une zoriontsu batzuk bizi izan zituen, Denysek, gainera, ez baitzuen abokatuen bitartez baizik erasotzen. Barealdia, hala ere, laburra izan zen. 1978an, Marc semearen telefono dei baten bidez berri lazgarria jakin zuen: Marie-Jo alabak bere burua hil zuen, bularrean tiro bat eginda... Simenonek behea jo zuen. Ulergarria da aita batengan, azken urteetan zoritxarren bat gertatzea espero bazuen ere. Izan ere, Marie-Jo ez zen inoiz oso haur orekatua izan: 25 urteko neska gazteak angustia ikaragarriak pairatzen zituen, eta amak bezala, ospitale psikiatrikoetan horiek arintzen saiatzen zen. Dramak makaldu egin zuen zegoeneko adineko gizona zen idazlea, areago Denysek suizidioaren erantzule egin zuelako: emazteak plazaratutako bi liburuetan, aita autoritario, bortitza eta arduragabea izatea leporatzen zion.

Hainbat hilabeteko isiltasunaren ondoren, Simenonek erabaki zuen haren irakurleen aurrean justifikatzea, eta Mémoires intimes idatzi zuen, haren indar guztiz idatzitako beste liburu handi bat. Hor ez zen hautematen Dictées-etan erabilitako kutsu hutsala, eta Je me souviens (Gogoratzen naiz) edo Quand j’étais vieux lanen estiloari heldu zion berriro: zintzotasuna nabari zen lehenengo orrialdeetatik; hala ere, hainbat gertakizunetan parte hartu izana zalantzan jarri behar da. Testu hori, 1981ean argitaratua, Simenonen azken lana da, emozioz betetako testamentua, alabaz gogoratzen denean; baina, baita ere, Denyseri kargu hartzea. Era sinbolikoan, agur egin zien literaturari eta telebistari, Mémoires intimes argitaratu ondoren, Bernard Pivot-ek berari osorik eskainitako “Apostrophee” saio berezi batean azalduz.

Handik aurrera, idazlea gero eta gutxiagotan agertu zen jendaurrean eta, pixkanaka, Figuiers etorbidean zeukan estudio txikian ezkutatu zen: lagun batzuk bakarrik joan zitezkeen bisitan, eta ez zuen prentsarik onartzen. 1984n, burmuinetako tumore bat kentzeko operatu zuten. Ebakuntza ondoren susperturik, ez zen Teresarengandik aldentzen; Léman lakuaren ertzean ere hainbat paseo egin zituzten elkarrekin. Baina, 1987. urtean, Simenonen osasuna gain behera etorri zen bat-batean: ezkerreko besoa eta hankak paralizaturik geratu zitzaizkion, eta aulki gurpilduna erabili behar zuen mugitzeko. 1988ko abenduan, Suitzako telebistan elkarrizketatua izateko, egin zuen azken agerraldiak gizon elbarritu baten irudia utzi zuen. Hilabetetik hilabetera, gero eta makalduago zegoen, eta 1989. urtean inguruarekin komunikatzeari utzi zion. Lausanako hotel batean egonaldi labur bat egin ondoren, Simenon 1989ko irailaren 3tik 4rako gauean hil zen. Haren hiru semeek prentsaren bidez izan zuten heriotzaren berri, testamentuan adierazitakoari jarraiki.

Munduko prentsan, Simenonen heriotzak egunkarietako lehenengo orrialdea bete zuen: bereziki Maigreten “aita” omentzen zuten, fantasia gehiago edo gutxiagoz aipatutako kopuruak adierazita; “nobela gogorren” egilea, aldiz, ahaztu egin zuten. Berriro ere, eta azken aldiz, Simenon komunikabideen biktima izan zen, hari buruzko legenda sortzen lagundu baitzuten, erantzukizunaren zati handi bat Simenonek berak baldin bazeukan ere.

Gora

Itzuli

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net