gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2024ko abenduak 22, igandea
Georges Simenon
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > GEORGES SIMENON
GEORGES SIMENONEN BIOGRAFIA - EUROPARA ITZULTZEA


Georges Simenon, Bernard Alavoinek idatzia

Itzuli

1953ko otsailaren 23an, Marie-Jo jaio zen, eta une zoriontsua izan zen betidanik alaba bat eduki nahi izan zuen gizonarentzat, nahiz eta familia giroa pixkanaka okertuz joan. Bi urte beranduago, Simenonek, tema une batez, Europara behin betiko itzultzea erabaki zuen. 1955eko udaberrian, Frantziara iritsi zen, baina haren asmoa ez zen berriro Parisen bizitzea, hiriburuak xarma guztiak galdu baitzituen beretzat, eta lehendabizi Mougins-en, Frantziako Midi-n, eta geroago Cannes-etik gertu desegin zuen, azkenean, ekipajea. Lurraldea atsegina zen, klima ideala; baina, ez zuen han luze geratu nahi; hala ere, Golde Gate etxean, hainbat “nobela gogor” idatzi zituen, hala nola, En cas de malheur edo Le Fils (Semea), eta bi Maigret.

Ametsetako etxe hartan, denak oso bide onetik joan behar zuen. Ez zen horrela gertatu, ordea, Denyse nahasmendu psikologikoak azaltzen hasi zelako, eta bikoteak gehiegi edaten zuelako: idazlearentzat edatea bizigarria zen idazten zuenean, eta Denysek senarrarekin bat egiteagatik edaten omen zuen. Gainera, Simenon oso bortitza izaten zen batzuetan, aldi nahiko luzeetan edateari uzteko arazorik ez eduki arren. Eta bestalde, Denysek sexu grinak asetzen laguntzen zion, neskak etxera eramanez. Denysek gezurtatu egin zuen horrelakorik egiten zuela; baina, Fenton Bresler-ek familiaren sendagile eta laguna izandakoa aurkitu zuen, eta hark baieztatu egin zuen Simenonek horri buruz esandakoa (Bresler, 263. or.).

1957ko udaberriaren bukaeran, Frantzian bi urte igaro ondoren, idazlea beste aterpe bat bilatzen hasi zen. Suitza aukeratu zuen, herri lasaia, eta baita paradisu fiskala ere! Haren Mercedes kabrioletaren bolantean, Vaud kantoian zehar bidaiatzen ari zela, Echandens gaztelua aurkitu zuen, Lausanetik hogei bat kilometrotara. Finka haren kokapena ezin hobea iruditu zitzaion, eta gainera, kantoi frankofonoa zen: berehala sinatu zuen alokairu kontratu bat, sei urtetara berritu zitekeena. XVI. mendeko gazteluan, “nobela gogorrak” eta Maigret batzuk idatzi zituen aldi berean, azken horiek haren lan “literarioak” baino hobeto saltzen zirelarik.

Echandens-en emandako urteetan ez ziren bereziki zoriontsuak izan, nahiz eta 1959ko maiatzaren 26an Pierre jaio, Denysekin izandako hirugarren semea. Izan ere, gero eta maizago agertzen ziren osasun gaitzak (Ménière sindromea, neuralgiak, lo ezintasuna, e. a.), eta senar-emazteen artean gero eta harreman arazo handiagoak zituzten. 1960. urtean, Simenonek genero autobiografikoari berriro heltzeko beharra sentitu zuen, depresio sakonean sartzen hasia zen unean. Garai hartakoa da Quand j’étais vieux (Zaharra nintzenean) bere barneko pentsamenduak biltzen dituen egunkari moduko bat, hamar urte geroago argitaratua, Bernard de Fallois kritikoaren eskaeraz. Zinegintzan ere, egokitzapen ugari egin ziren garai hartan: Claude Autant-Lara-k En cas de malheur egin zuen Gabin-Bardot bikote bitxiarekin; Jean Delannoy-k, bere aldetik, L’Affaire Saint-Fiacre eraman zuen pantailara, Jean Gabin-ekin, baita ere, Maigret sinesgarriena izan zena. Urte hartan bertan, 1960. urtean, Simenoni Cannesko zinemaldiaren presidentzia eskaini zioten, eta horrek adierazten du komunikabideek noraino gorteiatzen zuten idazlea.

Simenon, garai hartan, psikiatria lanez eta medikuntzaz, orokorrean, interesatzen hasi zen. Aspaldidanik izan zituen adiskide sendagileak, eta haren lanetan maiz azaltzen ziren. Maigret lan segidan ere, sarri aurki daiteke Pardon doktorea, komisarioaren adiskidea. Baina, zalantzarik gabe, haren osasun gaitzak zirela eta, eta bereziki Denyseren krisiak gero eta maizago gertatzen zirelako, sendagileekiko harremanak gero eta sarriago bilakatu ziren.

Berriro ere, hutsetik hasi behar dela adierazteko edo, Simenonek etxez aldatzea erabaki zuen. XVI. mendeko gazteluak lilura galdua zuen, lurraldeak ez, ordea. Lehenengo aldiz bere bizitzan, etxe bat egin nahi zuen, eta arkitektoei agindu guztiak eman zizkien mundu osoko kazetarien iritziz Simenonen neurrigabekeriaren sinbolo bilakatu zena eraikitzeko. Etxea Epalinges-en kokaturik zegoen, Lausanetik ez oso urruti, Léman lakuaren inguruetan. Kokalekua atsegina zen, baina eraikina ez zen oso dotore suertatu, azkenean, 1963an lurretik altxatu zenean. Gela kopuruak txunditurik utzi zituen bisitariak –kazetariak, gehienak–. Aldiz, “ebakuntza gela” izan zen, batez ere, esamesa gehien eragin zituena, berez, masajeak egiteko mahai bat zeukan erizaindegi bat besterik ez bazen ere; baina, berriro ere, alegiak gainditu egin zuen errealitatea!

Nolanahi ere, etxe berrira aldatzeak ez zuen arazo garrantzitsurik bat ere konpondu. Denysek gero eta maizago egin behar izaten zituen egonaldiak ospitale psikiatrikoan, eta Simenon, une hartan, emaztea seme-alabengandik aldentzen saiatzen ari zen. Urtetan, Simenon enpresaren erregina izan zena idazkari hutsek ordezkatzen zuten. 1964. urtean, betiko utzi zuen Denysek Epalinges, eta tartekatzen hasi zen ospitaleko egonaldiak eta Frantziako turismo lekuetako egonaldiak. Garai hartan, beste emakume bat sartu zen, zuhurtasunez, idazlearen bizitzan: Teresa, 1961. urteaz geroz familiaren zerbitzuan neskame zegoen emakume italiarra, nobelagilearen azken emakume laguna izan zen. Epalinges-en emandako urte haietan, zegoeneko 85 urte zituen bere amaren bisita izan zuen. Bi izaera gogor haien arteko harremanek zailak izaten jarraitzen zuten, baita Denyse haiekin egon gabe ere. 1969ko apirilean, ama ikusi zuen berriro Simenonek, Liejan, eta gero, 1970eko abenduan, ama hiltzeko zorian zegoela Bavière Ospitalean, Simenon txikitan meza mutila izan zen leku berean. Lau urte geroago, Lettre à ma mère (Amari gutuna) argitaratu zuen, sailkatu ezineko liburu-testigantza; bertan, Simenon ulertzen saiatu zen amaren eta semearen arteko harremanak, bizitza osoan, zer-nolakoak izan ziren.

Gora

Itzuli

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net