gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2024ko abenduak 22, igandea
Georges Simenon
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > GEORGES SIMENON
GEORGES SIMENONEN BIOGRAFIA - LIEJAKO GAZTAROA


Georges Simenon, Bernard Alavoinek idatzia

Itzuli

Georges Simenon Liejan jaio zen, Leopold kalean, ofizialki 1903ko otsailaren 12an, ostegunean; hori da, behintzat, Désiré Simenon haurraren aitak aitortu zuena. Egiaz, Henriette Simenon 1903ko otsailaren 13an, ostiralean, erditu zen, gauerdiko hamabiak eta hamarretan, baina senarrari eskatu zion data alda zezan, umea zoritxarraren mende ez jartzeko... Gertakari hori gorabehera, lehenengo ume hura iristeak asebete egin zituen gurasoak, eta aita bereziki, alaitasunezko negar malkoak aurpegian zituela honela aitortu baitzion emazteari: “Ez dut sekula ahaztuko, sekula, emakume batek gizon bati eman diezaiokeen pozik handiena eman berri didazula”.

Désiré Simenon eta Henriette Brüll-ek elkar ezagutu zuten bi urte lehenago Liejako L’Innovation izeneko saltoki handian, bertan emakume gaztea saltzaile ari zelarik. Ezerk ez zuen iragartzen Désiré, gizon garaia eta bibote distiratsua zuena, lanbidez kontularia zena, eta begi gris argiak eta ile horail hauskara zituen saltzaile gaztea azkenean ezkonduko zirela. Izan ere, Désiré waloi jatorriko familiakoa zen, Outremeuse langile auzoan finkatu zena, eta bertan, haren aita, Chrétien Simenon, kapelagina zen. Henriette Brüll, aitzitik, hamahiru seme-alabetan gazteena, jatorri holandar eta prusiarreko familiakoa zen. Brüll familiak aldi oparoa izan zuen, aitak janari dendan lan egin zuen bitartean; zoritxarrez, hainbat negozio txarrek eta gero eta handiagoak ziren zorrek miseriara eraman zuten Guillaume Brüll, eta edateari emanda alkoholiko bihurtu zen. Horrek nahasmena ekarri zion Henrietteri, eta, behartuta, berehala hasi zen lanean saltoki handian.

Georges Simenon, beraz, 1903an jaio zen, antza zoriontsua zen eta elkarturik zegoen familian, eta hiru urte eta erdi beranduago, Henriette Crhistianez erditu zen. Ama ume gazteena nahiago zuela adierazten hasi zen, orduan, Georgesek ez baitzuen obeditzen, eta nahikoa independentea baitzirudien. Christianek, aitzitik, ezaugarri on guztiak zituen: argia zen, maitekorra, amaren menpeko... Horrela bada, laster sortu zen bereizketa bat Simenon familiaren barruan: alde batetik, Georges, haren aita Désiré biziki miresten zuena; eta beste aldetik, Christian, Henriette-n seme kutuna. Luze gabe, pairaezina bihurtu zen egoera hura, Lettre à ma mère (Amari gutuna) obraren egilea izango zenarentzat. Hirurogeita hamaika urterekin, Georges Simenon garai hartaz gogoratu zen hurrengoa idatzi zuenean: “Ez genuen elkar maite bizi izan zinen bitartean, ondotxo dakizu. Biok itxurak egin genituen...” (Lettre à ma mère, I. atala). Aitorpen lazgarri horrek, 1974an idatziak, bere ama hil eta hiru urte eta erdi geroago, agerian uzten du antza elkartasunez bizi zen familia haren barruan nagusi zen tentsio giroa. Bai, aitak, zoriontsua baina etsita, burua makurtzen baitzuen Henriettek edozer esan orduko. Ama menderatzaileak bizimodu bat inposatu zion familia osoari: diru eskasiak obsesionaturik, etsita Désiréren soldataren ez zelako igotzen, berak erabaki zuen haien etxean maizter batzuk hartzea. Txiki-txikitatik, beraz, Georges Simenon ohitu egin zen gehienetan ikasle atzerritarrak ziren alogerekoekin bizitzen.

Georges Simenonen haurtzaroa eskola ere bada; hasieran, bere etxetik gertu, Loi kalean zegoen St. André ikastetxeko anaiekin ikasi zuen... Georges etorkizun handiko ikaslea zen, ia mistikoa zen jaiera erakusten zuena: bere irakasleen kutuna zen, eta meza mutil gisa hasi zen Bavière Ospitaleko kapelan, zortzi urte zituela. Haren gurasoek sekula “literatura” irakurtzen ez bazuten ere, gero nobelagilea izango zena liluraturik zeukaten Alexandro Dumas, Dickens, Balzac, Stendhal, Conrad edo Stevensonen eleberriek. Eskola Kristauen anaiekin ikasi ondoren, Georges Jesuitekin hasi zen “tarifa erdian” bere amari egindako mesede bati esker.

1915eko udan, sexualitatea ezagutu zuen, bizipen hori hain goiz izan zuen nerabe haren errebelamendua azkartu egin zuena: Liejatik gertu dagoen Embourgen oporretan zegoenean, bera baino hiru urte zaharragoa zen Renéerekin izan zituen lehenengo aldiz sexu harremanak. Harrezkero, Georges ez zen bera izan, pixkanaka, elizarekin eta eskolarekin zituen loturak eten egin baitzituen. Horrela, uko egin zion humanitateak ikasteari, eta horren ordez, St. Servais ikastetxean izena eman zuen, “modernoagoa” baitzen, hau da, zientifikoagoa. Georgesek hiru urte eman zituen bertan, baina, 1918an utzi zuen, amaierako azterketa egin baino lehen.

Literatura gaietarako bereziki dohaintsua zen ikasle hark, hortaz, 15 urterekin bukatu zuen eskolaldia, oraindik nahikoa misteriotsuak izaten jarraitzen duten arrazoiengatik. Elkarrizketa batean gogora ekarritako bere oroimenak sinistu izatera, Fischer doktoreak haren aitaren gaixotasuna azaldu izana izan zen hura erabakitzera bultzatu zuena. Sendagilearen arabera, Désiréren bizi itxaropena –bularreko angina kronikoa baitzeukan– bi edo hiru urtekoa zen. Hori da, behintzat, Simenonen biografoek onartutako bertsioa. Baina, Pierre Assouline haren azken biografoak bere buruari galdetzen dio gertaera hori, idazleak berak hain maiz kontatua, ez ote den beste arrazoi sakonago batzuk ezkutatzen dituen zurigarria besterik. Georges gazteari gero eta zailago egiten zitzaion ikastetxeko diziplina betetzea, eta haren izaera marjinala sendotuz joan zen. 1918an, hartutako erabakiari heldu zion: Georges Simenonek ez zuen berriro eskolako bidea hartu.

1919ko urtarrila. Gaztea Liejako kaleak korritzen zituen lan bila, eta, halabeharrez, Gazette de Liége bertako egunkari handiaren bulegoetan sartu zen. Gerra zuela hainbat hilabete amaitua zen, eta gizon asko ez ziren frontetik itzuli: Simenonek, zoriari zirika eginez, kazetari lanpostua eskatu zion erredaktore nagusiari. Gertakari hori, gaur egun guztiz sinestezina gerta badaiteke ere, benetakoa da. Berehala kontratatu zuen Joseph Demarteauk kazetari mutil gisa, eta ikastaldiari ekin zion ultrakontserbadorea eta apezpikuaren aldekoa zen egunkari hartan. Haren eginkizunak betetzeko, Liejako kaleak korritzen zituen albisteen bila, poliziaren komisariaz komisaria ibiltzen zen, eta prozesuetara eta pertsona ospetsuen hiletetara joan behar izaten zuen. Hamasei urterekin, Georges Simenonek bere bokazioa aurkitua zuen, edo behintzat, gustuko zuen jarduera: beti mugimenduan, berehala ikasi zuen makinaz idazten, artikuluak ere idazten, eta informazioa edozein lekutan aurkitzen. Esperientziak lau urte inguru iraun zuen, eta bien bitartean, sortu zituen eleberri askoren gaiak aurkitu zituen.

1921. urtean, Georges Simenon eta Régine Renchon-ek –hilabete batzuk lehenago nolabaiteko marjinalak ziren artista batzuen artean ezagutu zuen neskak– ezkontzeko hitza eman zioten elkarri. Hala ere, urtearen amaierak aldaketa garrantzitsu bat ekarri zion: lehenik eta behin, soldadutza egin behar zuen, abendurako deia baitzeukan; baina, bereziki, aurreikusita zegoen drama bat gertatu zen, Désiréren bat-bateko heriotza, 1921eko abenduaren 28an. Armadara joan behar izan zuen Désiré hil eta hurrengo egunean (biharamunean). Simenonek deia aurreratu zuen, haren asmo profesionalak kaltetzen zituen formalitate horrekin lehenbailehen bukatzeko, eta Aix-la-Chapellera abiatu zen soldaduska egitera. Armadarako lan nekezek ez zuten, dena den, luze iraun, hilabetea pasa ondoren Simenon iaioa Liejara itzuli baitzen, zituen harremanei esker. Hala eta guztiz ere, gizon gazteari gero eta estuago egiten zitzaion haren sorterria, baita La Gazette de Liége erredakzioa ere, erredaktore nagusiak bertan gera zedin egin zituen ahaleginak ahalegin. Orduko hitzak erabilita, haren soldadutza betebeharretatik aske, Simenonek erabakia hartua zuen: Parisera joango zen, halabeharrak ekarriko zionaren bila.

Gora

Itzuli

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net