Georges Simenon, Bernard Alavoinek idatzia
Errealitatean, Simenonen eta Gaston Gallimard editorearen arteko lehenengo kontratua 1933ko urrian sinatu zen. Legendazko gisa mantendu den topaketa batean, nobelagileak Sébastien-Bottin kaleko etxe ohoragarriaren nagusiari oso baldintza gogorrak inposatu zizkion, argitalpen erritmo nahiz eskubideei buruz. Fayardekin harremanak eten ondoren, Simenonek, etapa berriari heldu zion bere karrerari buruz egindako plangintzan: Maigret nobela segidari amaiera eman zion. Nobela segidakoa ez zen lehenengo lana Le Locataire (Maizterra) izan zen, Gallimard-ek 1934. urtean argitaratua. Egileak “nobela gogorra” izendatu zuen produkzio berri bat zen, bere desioak betetzen zituena. Baina, izen handiko editore bat ez zen nahikoa izan Simenonen eta literatoen arteko gaziki ulertze ugariak konpontzeko. Haren lankide askok ez zituzten ahaztuak kristalezko kaiola, edo “Dantza antropometrikoa”, edo destainaz gogoratzen zuten ipuin eta kontakizun herrikoiak, eta kazetaritzan egindako urrats okerrak ere gogoratzen zituzten... Labur esanda, “Gallimarden inguruko” egile gehienek ez zuten Simenon benetan onartu, eta ihes egin zioten literatura sari guztiek, nahiz eta 1932. urteaz geroz, bera izan ahotan zebilena Goncourt edo Renaudot saietarako.
1935ean, beretzat benetan garrantzitsua izan zen pertsona bat ezagutu zuen: André Gide, Gallimard etxeko korridoreetan harekin gurutzatu zen eta elkarrizketa bat eduki nahi izan zuen Simenon “fenomenoarekin”. Geroago literaturaren Nobel saria eskuratuko zuenak miretsi egiten zuen Maigret nobela segidaren egilea; bereziki, komisarioa haren lanetan azaltzen ez zenean! Gidek galderez josi zuen Simenon, eta hori izan zen lotzen zituen ezer ez zeukaten bi gizonen artean sortutako elkarrizketa luze baten hasiera –elkarri egindako bisitetan, edo eskutitzen bitartez–. Gidek Simenonen lanak irentsi zituen, eta gogoa berotu zitzaion hainbat nobela irakurrita; baina, era berean, kritikak egiten zizkion lanean hutsegiteren bat ikusten duenean.
Hortaz, André Gide eta Gaston Gallimard gizon garrantzitsuak izan ziren nobelagile gaztearentzat, heldutasunera iristen ari zen urte haietan. Bestalde aldi berean gertatu ziren Gallimard argitaletxearekin lan egiten hastea eta senar-emaztearen etapa mundukoian murgilduta egotea, Neuillyko etxebizitzaren eta Porquerollesko txaletaren artean bizi baitzen. Izan ere, Simenon aberats berria baitzen, hau da, era nabarmenean gastatzen zuen, denda garestietan eta neurrira bakarrik janzten zen, eta Delage handi bat gidatzen zuen etorri berria. Eta bizimodu hark baliabide asko eskatzen zituen, baita editorearen gero eta eginahal handiagoak ere: hogeita hamarreko hamarkadaren bukaeran, bi gizon horien arteko harremanak gain behera hasi ziren, beti goranzkoak ziren Simenonen desioak zirela eta.
Hamarkada horren amaieran, nobelagilearen egoerak aukera ematen du Simenonek nobela herrikoiak egiten zituenetik ibilitako bidea neurtzeko: Simenon “benetako” nobelagilea zen jadanik, izen handiko argitaletxeak plazaratzen zituen haren lanak, eta diru sarrera ugarik ematen duten segurtasuna zeukan... Alderdi sentimentalean, Simenon gustura zegoen Tigyrekin, beretzat adiskide ona baitzen, batez ere. Hala ere, Joséphine Baker-ekin izandako harremanen ondoren ez zien beste harreman batzuei uko egin; baina, sor zitezkeen arazoen beldurrez, aldizkako harremanak soilik izaten zituen prostitutekin. Eta berrogei urteetara iristear zegoela, haur bat izateko eskatu zion Tigyri. Marc Simenon 1939ko apirilaren 19an jaio zen, Bruselako aldirietako ospitale batean, Europan soldadu boten hotsak gero eta ozenago aditzen zirenean.
Gerrak Nieulgo etxean, La Rochelletik gertu, harrapatu zuen Simenon familia, inguru hura hobeto egokitzen baitzen nobelagilearen aiurrira, Neuillyn egindako bizimodu burgesaren ondoren. Alemaniarren erasoa gogorregia izan zen armada belgikarreko mobilizazio deiari erantzun ahal izateko; beraz, Belgikako enbaxadara joan zen, Parisera, eta bertan, bizi zen eskualdera itzultzeko agindu zioten, armada alemaniarretik ihes egiten zuten erkideei laguntzera, errefuxiatu belgikarrentzako goi komisario izendaturik. Lan hori atsegin zitzaion, eta haren egitekoa bete zuen eraginkortasunez eta era arduratsuan.
Nolanahi ere, alderdi pertsonalean, Simenonek ez zuen eduki nahi beharrezkotzat jotzen zuena baino engaiamendu handiagorik. Lasaitasuna ematen zion Vendée eskualdean erretiraturik, bere barnera bildu zen eta haren jokabidea zehaztu zuen. Neutraltasuna aukeratu zuen, indibidualista porrokatu harentzat begien bistakoen zegoen irtenbidea. Urte ilun haietan, 1940. urteko erasoaren ondoren Frantzia suspertzen hasia zenean, nobelagilearen kezka nagusiak haren familiaren biziraupena eta mantenu arazoak ziren.
Idazten jarraitu zuen, baina, gastuak murriztu behar izan zituen, editoreen enkarguak ere urri zirelako. Hori, hala ere, ez zen oztoporik izan gaztelu batean bizitzeko, Fontenay-le-Comte-n, Vendéen; gazteluaren zati bat, gainera, alokaturik zeukan, oso merke bazen ere. André Gideren aholkuei jarraiki, beste nobela bat idazteari ekin zion: Pedigree, bere haurtzaroari buruzko kontakizuna. Era berean, beste lan garrantzitsu batzuk egin zituen, hala nola, La Veuve Couderc (Couderc-en alarguntsa), eta Gallimard argitaletxeak plazaratu zituen biak. Frantzian, Okupazio garaian bizi izan ziren idazle askok bezala, haren lanak argitaratzen jarraitu zuen zentsura eta paper eskasia gorabehera, eta ez zirudien axola zitzaionik egunkari kolaborazionistek harengana jotzea. Oportunistatzat har daitekeen jokabide hura aurpegiratu zitzaion Liberazio garaian, idazleak alemaniarren alde zegoenik sekula adierazi ez bazuen ere. Baina, are larriagoa izan zen Continental izeneko produkzio etxe alemaniarrarekin lotutako zine munduko jendearekin harremanak eduki izana; izan ere, Simenonek Maigreten esklusiba saldu baitzien, eta Simenonen bederatzi lan egokituak izan ziren Okupazio garaian!
Liberazioak hainbat kezka sortu zizkion idazleari. Gerra bukatzean, Simenon Saint-Mesmin-le-Vieux-en bizi zen, Vendéen baita ere, baina inguru bakartiago batean. Sables d’Olonne-ko ostatu baten barruko atzipenaldi eta hainbat itaunketa jasan ondoren, Liberazioko ikertzaileek Simenonen dosierra itxi zuten. Baina, garbiketa prozesuak, politika ezegonkortasunak, eta kontu garbitzeek eragina izan zuten idazlearengan, eta 1945eko bukaeran Frantzia uztea besterik ez zeukan buruan...