gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2024ko apirilak 24, asteazkena
Georges Simenon
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > GEORGES SIMENON
GEORGES SIMENONEN BIOGRAFIA - MAIGRET ETA ERREPORTAJEAK


Georges Simenon, Bernard Alavoinek idatzia

Itzuli

1930. urtearen bukaeran, nobelagileak idatziak zituen jadanik Maigret komisarioaren hainbat gertaera, baina Fayard-ek ez zeukan presarik bilduma berria argitaratzeko; Georges Simi eskatzen jarraitzen baitzion eleberri herrikoiak, gainera diru gutxiagoren truke... Baina, Simenonek bereari eutsi zion: 1931ko otsailaren 20an egin zen Maigreten aurkezpena. Nobelagilea, orduan, marketing profesional bihurtu eta gau festa bat antolaturik, Paris Osoa gonbidatu zuen bertara. “Dantza antropometriko” famatua zen, Montparnasseko diskoteka batean antolaturik, eta gau festa harrigarria, gonbidatu guztiak gangster edo emagalduz jantzita joan baitziren! Kristalezko kaiolarekin gertatu ez bezala, sustapen ekintza hura gauzatu egin zen, eta hurrengo egunean prentsak xehetasun handiz deskribatu zuen gertaera. Ekintza hura guztiz arrakastatsua izan zen, eta Maigret oso ondo saldu zen “Dantza antropometrikoa” gertatu eta hurrengo egunetan. Aurrerantzean, Fayard lasai egon zitekeen haren bildumak izango zuen etorkizunaren aurrean, eta zinemak ere mauka berri hori beretzat hartu zuen. Jean Tarridek Le Chien jaune (Zakur horia) pantailaratu zuen, nobela agertu eta hurrengo urtean, eta Jean Renoir-ek La Nuit du carrefour egokitu zuen 1932an. Zoritxarrez, film horiek, hainbat arrazoi zirela eta, ez zuten arrakastarik izan, eta hirugarren esperientziaren ondoren (La Tête d’un homme –Gizon baten burua– izenekoaz), Simenonek, hainbat urtetan, bertan behera utzi zuen haren nobelak egokitzeko proiektua.

Bien bitartean, senar-emazteek landa eremuan bizitzera joatea erabaki zuten, Arroxelatik hurbil, Nieul eta Marsilly bitartean kokaturiko XVI. mendeko oinetxe batean. Simenonek, aitoren seme eta nekazari berriak, bulego bat zeukan haren nobelak idazteko; Tigyk pintura tailer bat jarri zuen, eta Boulek fidela izaten jarraitzen zuen haren sukaldari lanetan. Hala ere, lasaitasun hark gogaitasun kutsua hartu zuen segituan, hogeita hamar urte artean eduki ez eta mundua aurkitzeko egarria zeukan gizonarentzat. Eta, orduan, Ipar urrunaren ondoren, Afrika izan zen nobelagilea erakarri zuena. Hortaz, senar-emaztea Egipto alderantz itsasontziratu ziren; ondoren, beherantz, Khartumera; gero, Afrika ekialdetik mendebaldera zeharkatu zuten, Kongo ibaiaren bokalera iritsi arte. Kontinente afrikarraren aurkikuntza itsasontziz egindako mendebaldeko ibilbide klasiko batez amaitu zen, eta hainbat nobela “exotiko” idazteko inspirazioa izan zen. Irakurleek gogoan izango zituzten, bereziki, Voilà aldizkarian “L’heure du negre” (Beltzaren ordua) izenburupean argitaratutako artikulu batzuk, eta Simenon, hainbat aurreiritzi eta topikoz askatuta, kolonialismoaren aurka jarri zen borrokalari sutsuen bilakatu zen.

Afrikako esperientziaren ondoren, erreportari handiak hainbat artikulu idazteari ekin zion: orduan, Europa izan zen ikerketa gaia. Simenonen lehenengo etapa Alemania izan zen –1933. urtean, hain zuzen ere–; handik hainbat erreportaje bidali zituen egunkarira, Voilàko zuzendaritza harritu samar utzi zutenak. Kazetariak ez zuen buru argitasun handirik azaldu eta haren analisiak zalantzazkotzat hartu ziren; horrela, aldizkariko zuzendaritzak zentsuratu ere egin zuen zenbaitetan. Hala ere, berak “scoop” edo berri fresko-freskoa –gaur egun esaten den bezala– eskuratu zuen, Trotski, Prinkipo izeneko Turkiako irla batean erbesteraturik, elkarrizketatzea lortu zuenean. 1933. urtea, era berean, Stavisky kasuaren urtea izan zen, eta arazo hark erreportariaren interesa piztu zuen, kasu zehatz hartan bere eleberrietako pertsonaiarik kutunena bezala jarduten hasi baitzen. Simenon-Maigret, beraz, maula egile eta Albert Princeren heriotza susmagarriari buruzko ikerketari ekin zion, Paris-Soir egunkarirako. Pierre Assoulinek erakusten duen bezala, hemen detektibe gisa jokatu nahi zuen nobelagileak agerian utzi zuen zaletu gizajo bat baizik ez zela, inguruneko informatzaileen tranpa guztietan erortzen baitzen, eta benetan seriotasunez irakurri ezin zitezkeen artikuluak idazten baitzituen. Labur esanda, ikerkuntza kazetaritzaren munduan izandako esperientzia hura ez zen Simenonen onerako gertatu.

Porrot horrek umiliaturik, nobelagileak ahaztua izateko garaia zela iritzi zion, eta oso urrutira joateko ideiaz hausnartzen hasi zen. Munduko bira egitea onena zela iruditu zitzaion, eta, horrela bada, 1934ko abenduan abiatu zen: New York, Panama, Galapagoak, Tahiti, Australia, Itsas Gorria... Etapa bakoitzean erreportajeak bidaltzen zituen hainbat egunkaritara, Paris-Soir edo Marianne-ra, besteak beste. Baina, batez ere, pertsonai, giro edo paisaiez blaitu zen, eta idatzitako sei nobela esperientzia exotiko horretan zuzenean inspiraturik egon ziren.

1934. urteak beste aldaketa bat ekarri zuen Simenonentzat. Ilusioen ondotik, erakartzen zuen kazetaritza mota bati uko egin behar izan zion, eta Maigret abandonatzea ere erabaki zuen. Hiru edo lau urte lehenago, argi eta garbi adierazi zuen, haren “pertsonaia nagusia”, hau da, Maigret, ez zela bere karrera literarioan etapa bat baizik izango. Berak uste zuen handik aurrera komisario ospetsua bazter utz zezakeela, eta Arthème Fayard haren editorearen atea jo zuen.

Gora

Itzuli

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net