gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2024ko abenduak 22, igandea
Georges Simenon
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > GEORGES SIMENON
GEORGES SIMENONEN BIOGRAFIA - TROIS CHAMBERS À MANHATTAN


Georges Simenon, Bernard Alavoinek idatzia

Itzuli

Amerikan igarotako urteetan, nolabaiteko zoriontasunez bizi izan zen idazlea. Idazkariak berehala hartu zuen gero eta garrantzitsuagoa zen lekua nobelagilearen bizitza profesionalean nahiz sentimentalean. Bien bitartean, Simenon, ipurdantzari, Nouveau-Brunswick-era aldatu zen, eta gero Estatu Batuetan zehar bidaiatu zuen. Denyse, jakina, bidaiarien artean joan zen (bi ibilgailu behar ziren emazteak –oraindik legezkoa–, idazkariak, Marc-ek eta Marcen irakasleak bidaiatzeko). Noraezean ibili ondoren, Simenonek Arizonan finkatu ahal izango zela pentsatu zuen, bertako argiak, klimak eta bizimoduak erakarri egiten baitzuten. Tucson oso hiri erakargarria izan arren, edo baita Tumacacori hiri txikia ere, Mexikoko mugatik gertu, ez zuen lortu benetan bertakotzea haren sorterria zen Belgikarekin alderatuta hain ezberdina… Haren jarduera literarioa trinkoa zen, eta hainbat nobela argitaratu zituen, haien artean inspirazio amerikarreko batzuk. Bestalde, ez zen ahaztu jaten ematen zion literaturaz, eta goizegi erretiratu zuen komisario ospetsuaren abenturak plazaratu zituen berriro Maigret se fâche (Maigret haserreturik) edo Maigret à New York (Maigret New Yorken) liburuetan.

1949. urtearen hasieran, Simenonek behin betiko baztertu zuen Tigy. Emaztea, hala ere, Simenonengandik hurbil bizi zen, Marc zaindu ahal izateko. Denyse haurdun geratu zen, eta bigarren aldiz aita izango zen Simenon pozez gainezka zegoen. Baina, lege amerikarrak puritanoak ziren, ez ziren oso toleranteak, are gutxiago atzerritarrentzat, eta erabaki bat hartu zuen berehala. Tigyk ez zuen erraz onartu dibortzioa, baina, azkenik, 1950eko ekainaren 21ean dibortzioaren aldeko epaia eman zen Renon (Nevada), epaiketa azkarrak egiteagatik ospetsua den hirian, eta hurrengo egunean, epaile berak ezkondu zituen Denyse eta Simenon. Hilabete batzuk lehenago, 1949ko irailaren 29an, jaioa zen Georgesen bigarren semea, John Simenon, Tucsonen (Arizona).

Bizitzaren beste etapa bat zela adierazteko-edo, idazleak bizilekuz aldatzea erabaki zuen berriro ere, eta ausaz, nolabait, hegoaldearekin alde handia daukan lurralde batera aldatu ziren: Ingalaterra Berrira, hain zuzen ere, bertako laku eta basoez ezaguna, eta Europa zaharra gogorarazten duena. Connecticut-eko Lakeville herri txikiak berehala erakarri zuen segurtasunaren bila jarraitzen zuen gizon hura. Segituan aurkitu zuen bere ametsetako etxea, hain maiz desiratu zuena: “Shadow Rock Farm” izena zuen, eta berbertatik erosi zuen. Lekua xarmagarria zen, lakuaren ertzean nahiz basoaren ondoan, eta eroso eta praktikoa ere bazen. Hortaz, Simenon Lakevillen finkatu zen John umearekin eta Denyserekin, Boule ezinbestekoa ahaztu gabe, azkenean bikotearekin elkartu baitzen… Edo, hobe esanda, hirukoteaz hitz egin behar da, izan ere, Tigy, Marc zaintzen jarraitzen zuena, ondoko herriko etxe batean bizi zen: hori izan zen dibortziatzeko eskatu zituen baldintzetako bat. Tigy ez zen ohitzen bizimodu hartara, Fenton Bresler-ek jasotako hitzen arabera: “Ez, Lakevillen igarotako urte haiek ez ziren niretzat garai zoriontsuak izan”.

Simenonen zoriontasuna, benetakoa Connecticut-era bizitzera joan zenean, laburra izan zen, Denysek guztia bere menpe eduki nahi baitzuen: bera zen sukaldearen erregina, idazkari lanak zuzentzen zituena, eta idazlearen managerra. Simenon enpresak denak emanda funtzionatzen zuen. Nobelak abiadura izugarrian egiten zituen, eta Preses de la Citék berehala argitaratzen zituen, eta gero mundu osoan itzultzen ziren, aldika eguneratzen ziren kontratuei esker. Zineaz ere ez zen ahaztu, benetan handiak ziren diru kopuruak ekartzen baitzizkion.

Gora

Itzuli

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net