gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2024ko abenduak 22, igandea
Georges Simenon
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > GEORGES SIMENON
GEORGES SIMENONEN BIOGRAFIA - PARIS ETA FRANTZIA KONKISTATU NAHIAN


Georges Simenon, Bernard Alavoinek idatzia

Itzuli

1922ko abenduaren 11. Parisko Gare du Nord. Egun hotz eta euritsu batez, topikora hurbiltzen zen giroa zegoela (Balzac-en nobela bat, edo... Simenon beraren nobela bat jokatzen ari zela pentsa liteke!), gazte Liejatarra trenetik jaitsi zen kartoizko maleta bat eta sokaz lotutako pakete bat eskuetan. Parisera iristea ez zen, hala ere, berak inoiz kontatu zuen bezain iluna izan, haren biografoek aipatzen dutenez, aurrezki batzuk eta gomendio eskutitzak zituela baitirudi, eta baita tren geltokian haren zain zegoen erkide bat ere. Egia da ostatuak nahikoa penagarriak zirela, baina, Simenonek ez zuen bere dirua xahutu nahi, eta ez zeukan ezer Liejan harat-honat ibilitako lekuak gogorarazten zizkion giroaren aurka. Berehala ezagutu zuen artista talde bat, eta harekin biltzen zen gauero Montmartre auzoan, garai hartan inguru politikoan oso ezaguna zen Binet-Valmer idazlearen idazkari lana ahaztearren. Izan ere, haren aitaren lagun bati esker, Parisera iritsi bezain pronto aurkitu zuen lan hark segituan desengainatu zuen: Simenon eskuin muturreko liga baten zerbitzura zegoen mandatu mutilaren antzekoa baitzen... Baina, ez zion axola! Pazientzia eduki behar zen, eta garai hobeen zain egon. Haren bizimodua behintzat ateratzen zuen, eta 1923ko martxoaren 24an, Régine Renchon-ekin ezkondu zen Liejako Sainte Veroniqueren elizan. Elizkizunak, Henriette horretan tematu baitzen, eta hori izan zen amaren aurrean amore eman zuen azken aldiz, azkar burutu ziren, eta Simenon eta Tigy-k Pariseko trena hartu zuten iluntze hartan bertan.

Emaztea Parisen berarekin egoteak lasaitu egin zuen, eta lagundu egin zion lan materialetan: haren hitzetan, emaztea benetako suebakia izan zen, gehiegikeriatan erortzetik libratu zuena, Liejan Caqueko bileretan gertatu zitzaiona berriro ez gertatzeko. Binet-Valme-ekin izandako esperientziaren ondoren, factotum lana utzi eta benetako idazkari lanetan hasi zen. Publizista bera izan zen, Simenonen etsipena ikusita, gaztea bere lagun on bati gomendatu ziona, alderdi politiko bereko aristokrata aberatsa zen Tracy-ko markesari, hain zuzen ere. Harrezkero, gero nobelagilea izango zenak –hiriburuko atseginezko aldizkarietarako ipuinak idatziz horretarako trebatzen ari baitzen jadanik– bizipenetan aberatsa izan zen bizimodu berri bati ekin zion: garai hartan bildu zuen, hain zuzen ere, L’Affaire Saint-Fiacre (Saint-Fiacre kasua) izeneko eleberria idazteko materiala. Paray-le-Frésil gazteluan igarotzen zuen denbora gehiena Tracyko markesarekin batera, eta bertan bizi izan zen Maigret komisarioa bere haurtzaroan, eleberrietako fikzioaren arabera. Gauero idazten zituen nobela laburrek –bi edo hiru, gehienetan– laster izan zuten arrakasta, eta senar-emazteen egoera ekonomikoa hobetu egin zen. Markesarentzat ia urtebete lanean iragan ondoren, Simenonek erabaki zuen, itsu-itsuan, haren lumaz soilik bizitzea, eta Parisa itzuli zen. Handik aurrera, Le Matin bezalako egunkari handiei, Le Merle blanc bezalako aldizkari arinei eta, batez ere, bilduma herrikoiak argitaratzen zituzten editoreei eskaini zizkien haren kontakizunak.

1924. urtean hasi zen Simenonen jarduera oparoa izaten: berrehun nobela idatzi zituen, gutxi gorabehera, eta hamazazpi izengoiti ezberdin erabili zituen, Maigret inspektorea protagonista duten kontakizunak 1931n guztiz gailendu ziren arte. Frou-Frou, Sans Gêne edo Paris-Flirt izeneko aldizkarietan argitaratutako maitasunezko ipuinak egin ondoren, nobelagile hasi berria egituratuago zeuden kontakizunei heldu zien, kalitate aldetik oso onak ez baziren ere. 1923. urtean, Henry de Jouvenel Matin argitalpeneko erredaktore nagusiarekin ezkonduta zegoen Colette-rekin elkarrizketatu zen. Nobelagileak haren testuak errefusatu zituen hasiera batean, eta aholku batzuk eman zizkion; bigarren ahalegina egin ondoren, emakume nobelagileak ipuin bat argitaratu zion, Georges Sim. sinadura zuena. Elkarrekin lan egiteak emaitza onak izan zituen, eta idazle gazteak aintzat hartu zituen Colettek emandako aholkuak. Aldi berean, Ferenczi, Tallandier eta Fayard argitalpenetan azaltzen ziren nobela herrikoiek irizpide guztiz zehatzei erantzuten zieten. Lan hori hiru kategoriatan bana daiteke, bildumen edo editoreen eskakizunen arabera: lehenik eta behin, nobela arinak daude, limurkeria kutsua eta izenburu adierazgarriak dituztenak –Orgies bourgeoises (Orgia burgesak), Etreintes passionnées (Besarkada sutsuak)...–; ondoren, nobela sentimentalak, hala nola Le Roman d’une dactylo (Emakume mekanografo baten nobela) edo Coeur de Poupée (Panpina bihotza); eta, azkenik, izenburuetan hasita, ametsak eragiten dituzten abenturazko nobelak –Le Monstre blanc de la Terre de feu (Suaren Lurraldeko munstro zuria), Un drame au pôle Sud (Drama bat Hego Poloan), e. a.–. Nobela herrikoi horiek, kritikoek oso begi onez ikusten ez zituztenak, korrika eta presaka egindakoak ziren, baina etorkizuneko lanaren sorrera ere izan ziren: saihestezinak ziren estereotipoak gorabehera –arraza klixeak barne–, pertsonai ugari azaltzen ziren bertan, bai eta behin eta berriro errepikatzen ziren hainbat gai garrantzitsu ere, hala nola, bakardadea, erruduntasuna, edo baita zoritxarra ere. Literatura herrikoi horrek Simenon eta haren emaztea mantentzeaz gain, aberastu ere egin zituen oso azkar; horrela, idazleak diru asko gastatzen hasi zen, eta arratsaldero izaten zituen bisitak Vosges plazako haren etxebizitzan; horrez gain, sukaldari bat kontratatu zuen, Henriette Liberge izenekoa, berehala “Boule” ezizenez izendatua, eta idazkari bat eta gidari bat ere bai. Simenonek maite egiten zuen irribarrea eskaintzen zion Parisko bizimodu hura, eta harremanetan hasi zen hainbat pintorerekin, Vlaminck edo Picassorekin, adibidez, eta hainbat poetarekin, Max Jacob-ekin, kasu... Eta 1925eko urriaren gau batez, Champs-Elysées-ko antzokian, Saint Luoiseko (Missouri) neska gazte bat ezagutu zuen, La Revue nègre-n dantzatzen zuena, artean guztiz ezezaguna. Neskak hogei urte zituen, eta Joséphine Baker zuen izena. Berehala sortu zen bat-bateko maitemina. Mulato neska gazte politak Simenon seduzitu zuen, eta aurrerantzean senar-emazteak ez ziren mugitzen Joséphine gabe, eta bitartean, Tigy zoritxarrekoak 1927. urtearen bukaera arte iraun zuen harreman hartaz ezer ez jakitearen itxurak egiten zituen.

Garai hura, Simenonentzat, asaldura handiko bolada izan zen arlo sentimentalean, eta ekintza ugariz beteta ere bai: nobelagile gazteak gero eta gehiago idazten zuen, beti burutu ez zituen egitasmoak sortu zituen, Paris Osoko pertsona ospetsu ugari ezagutu zituen. 1927. urtearen hasiera hartan, hain zuzen ere, desafioa egin zion Eugène Merle hainbat egunkari paristarretako zuzendariak: Simenonek nobela bat idatzi behar zuen jende aurrean, kristalezko kaiola baten sarturik. Merlek eskaini zion diru kopuruak erakarririk, berehala onartu zuen Simenonek; baina, proiektua ez zen bukaeraraino iritsi, oraindik ere argitu ez diren hainbat arrazoi zirela eta. Hala eta guztiz ere, kristalezko kaiolaren gertaera Simenonen legendaren barruan geratu zen, eta nobelagilea benetako fenomeno bihurtzen lagundu zuen: izan ere, hainbat egunkarik kontatu zuten gertatu ez zen ekintza gogoangarri hura!

Joséphine Bakerekin izandako harremanaren ondoren, Simenonek hiriburuko giroa uztea, eta gaztetako ametsetako bat egia bihurtzea erabaki zuen: itsasontziratzea... Nobelagile gazteak ez zuen haren nerabezaroan irakurri zuen Conrad nobelagilearen urratsak egiatan jarraitu nahi, asmo xumeago bat baitzeukan: Frantzia zeharkatzea ibai eta kanaletan zehar. Motor txikia zeukan bost metroko txalupa erosi zuen, eta kanoa bat, kanpineko materiala eramateko. Urte hartan, 1928an, nobelagileak sei hilabete iraun zuen bidaia baten bitartez ibaien bi bazterretako Frantzia ezagutu zuen, haren artikulu baten izenburuak adierazten zuen bezala. Nabigatzaile hasiberria, Tigy, Boule eta Olaf zakurrarekin batera abiaturik, ez zen haren idazmakinaz ahaztu, eta aire zabalean lan egiten zuen, paseoan zebiltzanek harridura handiz egiazta zezaketen bezala. Esperientzia horretatik nobela askotako materiala atera zuen, bereziki Le Charretier de la “Providence” (Providenceko orgazaina) eleberria idazteko materiala.

Hilabete batzuk geroago, Simenonek bere marinel kapela berriro janztea erabaki zuen, baina, ordukoan benetan itsasontziratzeko: ibilaldi luzeko kapitaina izateko azterketara aurkeztu zen, Tigyk, bien bitartean, mekanika ikasi zuelarik garaje batean. Haren helburua zen Ostrogoth izeneko 10 metroko bailandra batean itsasoratzea, eta Ipar urrutiranzko norabidea hartzea. Horrela, Simenon kapitaina, Tigy eta sukaldari fidelak Belgika eta Herbehereak zeharkatu zituzten, Ipar lurmuturreraino eraman zituen itsasontzi erregular batean ontziratu aurretik. Delfzijl Holandako itsas portu batean, Ostrogoth bikeztatu beharra zegoelako egindako geldialdian, nobela bat idazten hasi zen, eta nobela hartan pertsonai berri bat azaldu zen, Maigret izeneko bat... Simenonek berak zabaltzen lagundu zituen legendetako baten arabera, komisario ezaguna Herbeheretan jaio zen, 1929ko irailean. Egiatan ez da hain erraza: Maigret existitzen baitzen jadanik beste kontakizun batzuetan, eta bereziki hainbat eleberri herrikoitan, hain landuta ez bazegoen ere. Nolanahi ere den, 1929. eta 1930. urteek norabide aldaketa ekarri zioten Simenoni, haren iritziz Sim txikiaren garaiak iragana baitziren zegoeneko: 27 urterekin, bazen garaia goitizenak eta nobela herrikoiak guztiz bazter uzteko.

Gora

Itzuli

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net